287E/2026 EBAZPENA, abuztuaren 24koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, “Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2025-2026 ikasturtean” dirulaguntzaren bigarren deialdia onesten duena.
Xedea.
Gaur egun, unibertsitateko ikasketen gakoetako bat da nazioarteko dimentsioaren garapena. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarrien bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.
Laguntzen hartzaileak.
Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.
Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei adjudikatuko zaizkie zuzenean.
Laguntzen zenbatekoa.
a) Deialdiari esleitutako aurrekontua 150.000 euro da. 120.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 30.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako. Modalitate batean ematen diren laguntzen zenbatekoak ez badu agortzen modalitate horretarako aurreikusitako diru zenbatekoa, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.
b) Bi laguntza modulu aplikatuko dira:
i. Oinarrizko laguntza bat, hileko 120 euro eta asteko 30 eurokoa, laguntza hauen onuradun diren pertsona guztientzat.
ii. Laguntza bat, hileko 200 euro eta asteko 50 euroko zenbatekoak osatu arte, gutxienez baldintza hauetako bat frogatzen dutenentzat:
1) 2024-2025 ikasturtean Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren ikasketa beka orokor bat edo Nafarroako Gobernuaren beka bat jaso duen ikaslea izatea.
2) %33ko edo hortik gorako desgaitasun bat legez aitortua eta kalifikatua izatea.
3) Guraso bakarreko familia batekoa edo familia ugari batekoa izatea.
4) Familia-unitateak errenta bermatuaren prestazio bat jasotzea.
5) Terrorismoaren biktima edo genero-indarkeriaren biktima izatea.
6) Errefuxiatua izatea.
c) Eskaera aurkezterakoan egonaldia amaitu badu, ikasleak Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria (EAZa) atxiki beharko du eskaeran; aplikatuko eta ordainduko den zenbatekoa aipatu dokumentuan justifikatutako aldiaren araberakoa izanen da.
d) Eskaera aurkezterakoan ikasleak ez badu egonaldia amaitu, ordainduko den zenbatekoa eskaeran adierazitako aldiaren araberakoa izanen da.
e) Ikasleak lehenengo aldiz jasotzen badu laguntza, bederatzi hilabeterako laguntza jasotzen ahalko du, gehienez ere. Aurreko deialdietan laguntzarik jaso badu, bi laguntzen artean 12 hilabete egin arteko hilabete kopurua hartuko da aintzat, gehienez ere.
f) Egonaldiaren iraupena bi hilabete baino txikiagoa bada, ez da laguntzarik emanen.
g) Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzeko muga-eguna 2026ko azaroaren 30a izanen da.