Deierriko udala 2005eko irailaren hogeita bederatzitik Saharako errepublika Arabiar Demokratikoko La Güerako udalerriarekin dago senidetua, bi udalerri hauen aurrerabidea, garapena eta ongizatea ziurtatzeko asmoz.
Senidetzearen sinadura ekitaldian, Alvaro Nicuesa Santamaria alkateak eta La Güerako ordezkariak eta Nafarroako ordezkari sahararra den Brahim Salem Buself-ek parte hartu zuten eta bertan izan ziren Irantzu Kandidatura Herrikoia, UPN eta PSN alderdietako zinegotziak, eta baita Nafarroako Sahararen Lagunak Elkarteko (ANAS) kidea, Koldo Perez, Lizarrakoa.
Azken elkarte honen lanak berebiziko garrantzia izan zuen senidetzean. Horrela, ibarreko zenbait familiek ANAS elkarteak kudeatzen duen “Oporraldia bakean” izeneko programan parte hartu dute. Programa honen bidez, Saharako haurrek aukera dute uda Foru Erkidegoko familiekin pasatzeko. Familia hauen artean dago Deierriko udaleko Irantzuko zinegotzietako bat, hain zuzen ere senidetzea udalbatzari proposatu ziona.
Hitzarmen honek azpimarratzen du “laguntasun, batasun eta senidetasun harremana mantentzeko erabakia, elkarren arteko bizikidetasun nahietan oinarrituta”. Zentzu honetan, bi udalbatzek elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute, “harreman eraginkorra indartze bidean, bake, adiskidetasun eta oparotasun grinean oinarrituta”.
Brahím Salemek eskerrak eman zituen “elkartasun ekintza” honengatik eta bide batez adierazi zuen “senidetzeak ez dakarrela berez konpromisorik, baina animatzen gaituen laguntza moral eta politikoa da”. Salemek esan zuen “1977tik ANASen bitartez familien arteko elkartasun zubi garrantzitsuak eraiki direla”.
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa NBEk (Nazio Batuen Erakundeak) onartzen ez duen Estatua da, baina 66 herrialde inguruk bere estatu izaera onartu egiten dute, gehienak afrikarrak. Mendebaldeko Saharari dagokio, 1976 arte Espainak administratu zuen, eta gaur egun Marokok kudeatzen du.
Saharako kanpamentuetako lau probintziak (wilayak) eta hauetako bakoitzean dauden udalerriek beraien jatorrizko probintzien eta udalerrien izenak dituzte, horietariko asko gaur egun Marokok okupatuak, beren lurraldea ez ahazteko modu sinboliko gisa. La Güerako kanpamentuak bere izena hartzen du Mendebaldeko Saharan, hegoaldeko kostaldean dagoen herri batetik. Kanpamentuetan jaiotako belaunaldi oso batek ez du Saharako kostaldea ezagutu, sahararrek urte asko baitaramatzate erbestean. La Güerako kanpamentua Argeliak utzitako eremu batean dago, kostaldetik 400 kilometrora eta benetako Güeratik 1.500 kilometrora.
Azpiko loturan Deierriko Udalak eta La Güera (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) udalerriaren ordezkari eta honen izenean Brahim Salem Buseif jaunak sinatutako Senidetze Akordioaren transkripzioa dago.
DEIERRIKO UDALAREN ETA LA GÜERA UDALERRIAREN ARTEKO SENIDETZE AKORDIOA (Tamaina 21Kb)